Gorka Izko (abeltzain eta nekazaria): "Gure lana abereekin egon eta lurra lantzea dira eta ez bi egunez bulegoan paperak betetzen aritzea"

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 15a, 09:58

Protestetan parte hartzen ari da Gorka Izko Labianoko 28 urteko nekazari eta abeltzaina. "Itota" dituztela salatzeko ari da traktorearekin kalera ateratzen. Lurra lantzea eta abereekin egotea izan beharko luke bere lana, baina "astero bi egunez burokraziaren paperak betetzeko bulegoan" aritu behar izatea kritikatu du. Sindikatuetatik eta alderdi politikoetatik aldenduta egiten ari dira mobilizazioak euren "benetako eskakizunak" ez daitezen "politizatu". 

Abeltzain eta nekazari den Gorka Izkorekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Labianokoa da bera, 28 urte ditu eta protestetan parte hartzen ari da. "Itota" dituztela salatzeko ari da parte hartzen mobilizazioetan. "Onartezina iruditzen zait astero bi egunez bulegoan egon behar izana burokrazioak agindutako paperak betetzen eta albo batean uztea benetan nire lana dena: larreak landu eta abereak zaindu", azaldu du Izkok. 

Ultraeskuina euren protesten jabe egin nahi izanagatik galdetuta, uste du, egoera baliatu nahi izan dutela: "Nekazari eta abeltzainak horrexegatik atera dira kalera sindikatuen sigletatik eta politikarien alderdietatik aldenduta", esan du. Helmuga argi bat dutela ere iruditzen zaio: lehen egunean atera zituzten hamazazpi neurriak lortzea. Nekazaritza Politika Bateratuaren burokraziarekin amaitzea eta euren lanetik bizitzeko aukera izanen duten neurriak hartzea.  Bidegabeak diren legeak egokitzea eta zentzuz ezartzea eskatzen ari dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!