Lantzeko inauteria, ezbairik gabe, Nafarroan ospatzen diren inauteri tradizionaletatik ikusgarrienetako bat da. Ezagunenetariko bat izanagatik ere, tradizioa galbidean egon zen Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, 1960ko hamarkadan Pío Caro Baroja eta Julio Caro Barojari esker berreskuratu zen arte. Inauteriaren biziberritzeaz eta gaur egungo egoeraz aritu gara Luis Mariñelarena eta Ibai Muskiz lanztarrekin, izan ere, haiek inork baino hobe ezagutzen dituzte euren herriko tradizio sustraituenaren nondik norakoak. Horretarako, gure Irrintzi Plaza saioa bertara eraman dugu, bestaren erdigune eta bihotza den ostaturaino.