2021ean Caparrosoko makroetxaldeak Kutsadura isuriak egin zituela salatu zuten Sustrai Fundazioak eta Greenpeacek, eta orain, Valle de Odieta enpresaren aurkako prozedura hasi eta hiru urtera, Tafallako Epaitegiak ingurumen-delituen aztarnak aurkitu dituela jakinarazi du. Tafallako Epaitegiak Nafarroako Probintzia Auzitegira jo du prozedura judizialari jarraipena emateko.
Badirudi egitan kutsadura larri bat gertatu zela, azaldu du Lorea Flores Greenpeaceko kideak. Floresek nabarmendu du, "babes bereziko eremu bat kaltetu zuten isurketek eta horregatik ingurumen delitu kontsideratzen da".
Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformako kideek "positibotzat" jo dituzte jasotako berriak auzibidea ikerketarik egin gabe itxiko zutela uste baitzuten. Epaitegiaren lehen urratsen aurrean eta ikerketan baieztatutako zantzuak ikusita, Nafarroako Gobernuarengana eramango dituzte aldarrikapenak. Sustrai Fundazioak eta Greenpeacek Nafarroako Gobernua presionatzen jarraituko dute esku har dezan; epaiketa gauzatu dadin eta produkzio sistema jasangarriago bat babestu dezan.