Legezkoa ez den prozedura baten bitartez egin ote zuten ere jakin nahi dute. Horren berri eman zuten 2021 hartan Caparroso eta Marcillako zenbait bizilagunek eta talde ekologistek zein Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak salatu egin zuten. Epaitegietara iritsi zen prozedura judizial bati esker.
Orain kezka dute ez ote den kasu hori artxibatuko Tafallako epaitegiak esana baitu ez dela erraza izaten ari informazioa lortzea enpresa ez zaiolako erraz jartzen ari, ez da kolaborazioa eskaintzen ari. Behitegiaren jabea, Valle de Odieta kooperatiba eta HTN enpresak zigorrik gabe geratuko direlakoan daude.
Talde ekologistak aritu dira kutsadura neurtzen eta prozedura judiziala segitzen akusazio partikular gisara. Epaitegiei eskatu diete ikertu ditzatela egon daitezkeen ingurumenarekiko delituak eta prozesu judizialarekin segi dezatela arduradunak nortzuk izan diren argitu arte. Nafarroako Gobernuari ere egin diote eskaera, egin dezala babestutako eremuen eta animalien alde eta kutsatutako eremuak garbitzeko lanak abiatu ditzala.
Makroetxaldea are gehiago handitu ez dezatela
Horrez gainera, makroetxaldea are handiagoa egiteko aukerak ez ditzatela onartu eskatu diete tokiko entitate, udal eta erakundeei. Herritarrei ere adi egoteko eskatu diete eta halako makroetxaldeen aurka eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Gogoratuko dugu Europako behitegirik handiena da Caparrosokoa. Egungo Ingurumeneko Baimen Bateratuaren arabera, Valle de Odieta kooperatibaren makroetxaldeak 7.200 esne behi baliatzeko baimena du, baita 600 zekor eta 40 eguneko txahalak ere.
Nafarroako Gobernuari aurkeztu dioten eskarian zehazten denez, abere kopurua gehiago handitu nahi dute: 11.372 abelburu izan nahi dituzte, gaur egun izan beharko lituzkeenak baino % 27 gehiago, alegia. Espainiako Gobernuak onartutako abereen ongizatearen dekretuarekin, baina, ematen du ezinen dutela etxaldea are gehiago handitu.