Oier Erro Aurizberriko gazteak txikitatik zuen argi zein izanen zen bere ogibidea: "Arraroa da, etxean ez aitak ez amak ez baitute bereziki gustuko sukaldean aritzea, baina niri sukaldaritza betidanik iruditu zait plazer bat". Burlatako Lanbide Heziketako ikastetxean Sukalde Zuzendaritza ikasketak burutzen ari da orain. Berriki, Le Cordon Bleu sukaldaritza eskola entzutetsuak antolatzen duen Etorkizun Oparoko Sukaldari lehiaketan parte hartzeko hautatu dute, eta estatu osoko 50 lehiakideren artean egoteko aukerak dute. Bere hautagaitza babesteko internet bidez bozkatu daiteke otsailaren 19ra arte. Bozketak puntuazio osoaren %15 balioko du eta gainerakoa epaimahaikoen esku geldituko da. Otsailaren 21ean iragarriko dute nortzuk diren 10 finalistak. Haietako bik Le Cordon Bleu eskolan ikasteko diru bekak eskuratuko dituzte.