Euskarazko ludoteka eskaintzearekin euskaraz badakiten haurrak pribilegiatuak dira bi aukera dituztelako: euskarazko ekimena eta gaztelaniazkoa. Hitz horiek esan ditu berriki Orkoiengo alkate Alejandro Lopezek. Eta euskaltzaleen haserrea piztu dute. Orkoiengo Euskaltzaleen Elkarteak larunbaterako prestatu du manifestazioa eta jai giroko ekitaldia: "Denon alkate izan beharko litzatekeenak gu ez gaitu ordezkatzen", esan du Itziar Ilundain Orkoiengo Euskaltzaleen Elkarteko kideak.
Abenduan egin zituen adierazpen horiek PSNko alkateak, baina ez ziren bakarrak izan. Euskararen Ordenantza ere aldatu nahi dute eta aldaketa horren atzean edukiz hustutzeko nahia dagoela salatu dute Orkoiengo Euskaltzaleen Elkarteko kideek. Euskalerria Irratian Itziar Ilundaini egin diote elkarrizketa. Argazkian klik eginda entzun daiteke osorik.