"Ekarpen handia egin dio Podemos-Ahal Duguk Nafarroako politikari", hala adierazi du Eduardo Santos koalizio horretako idazkari ohiak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. "2015ean Nafarroan izandako aldaketa ezinezkoa izanen zen Ahal Dugu gabe", berretsi du. Erkidegoari horixe eman diola uste du Santosek, aldaketa. "2015ean erdietsitako zazpi parlamentaririk gabe ezinezkoa zatekeen iraultza", gaineratu du. Egun, Zurekin Nafarroa koalizioaren barruan dago Ahal Dugu eta "erabakigarria" izaten ari da aldaketa hori egonkortzeko. 2014an hasitako bidetik segitzen duela iruditzen zaio Santosi.
Podemos eta Sumar koalizioen arteko ezin ulertuez galdetuta iruditzen zaio zenbait afera barne kongresuen bidez konpondu beharko liratekeela baina halakorik ezean tentsioak are direla nabarmenagoak. "Ilusio handiarekin ekin genion bideari eta esan dezakegu tirabirak betidanik izan direla", esan du. Beste indarrekin metatuta dago ezkerreko alderdien indargunea eta bidea hortik dela iruditzen zaio Santosi. "Nafarroan egonkortu eginen da indar hori", uste du. Une hauetan Nafarroako Gobernuaren lehendakariordea, Begoña Alfaro, da Nafarroa Zurekin-eko kidea. "Badu etorkizuna Zurekin Nafarroak", ziurtatu du.