‘Etorkizuna Ginenean’ izeneko diskoa Zestoako Gaztain estudioetan grabatua izan da. Kantuen ekoizpenerako, berriz, Gorka Urbizuren laguntza izan du taldeak. Aitor Remon taldeko baxu-joleak onartu digun bezala, taldea biziberrituta dator disko honekin. 30 urteko ibilbidearen ondoren, bere onena erakusteko gogoz dago, eta Totemeko kontzertua horren erakusle izanen da. Emanaldiak, gainera, gonbidatu bereziak izanen ditu, tartean Urbizu bera, diskoari izena ematen dion abestian parte hartu duena.