Joan zen asteburuan ospatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako 46. edizioko finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, pista eta harmailak lepo bete zituzten 2350 bertsozalerekin. Julio Sotok bere seigarren txapela jantzi zuen bertan. Une hori gogoratzerakoan oraindik ere oilo-larrua jartzen zaiola aitortu digu gaur gurean.
2006an izan zuen bere lehenengo finala Sotok eta ordutik hona luzea izan da bertsolari bezala egin duen ibilbidea. Tartean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako 11 finaletan parte hartu du eta seitan izan da garaile: azken honetaz aparte, 2010ean, 2011n, 2015ean, 2017an eta 2019an nagusitu zen. Txapel bakoitza berezia da, alta. Honakoa, "pozaren eta bakearen" txapela duela azpimarratu du.