Luzia Goñi bertsolaria omenduko dute igandean bere jaioterrian, Aizarotzen

Miren Mindegia 2023ko abe. 7a, 11:15

Herriko Kultur Etxeari bere izena jarriko diote eta ondoren egun osoko egitaraua eginen da. Bertso musikatuak, herri bazkaria, Luziaren omenezko bideoa eta, bukatzeko, bertso saioa Maialen Lujanbio, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaizarekin.

Tirapun bizi bazen ere, Basaburuko Aizarotz herrian sortu zen Luzia Goñi Olia bertsolaria, 1928ko abenduaren 13an. Oso gaztetan hasi zen lanean, eta, berak esaten duen bezala, "hamalau ofizio eta hamabost mixeri" pasatu zituen. Ofizioz sukaldaria izan bazen ere, txikitatik izan zuen bertsoarekiko zaletasuna. Euskalerria Irratian ere etxekoa genuen, hainbatetan prestatu baitzizkigun jatekoak, aspaldian Zaldiko Maldikon ospatzen genituen bazkarietan. 

Duela hiru urte terdi zendu zen Luzia, 2020ko martxoaren 23an, pademia larrialdi betean eta, orain, bere herriak omenaldi berezi eta ederra antolatu dio. Abenduaren 10ean, igandearekin, ospatuko da ekitaldia, Aizarotzen. Luziaren iloba Mintxo Astizek azaldu moduan, egun osoko egitaraua izanen da. 

Herriko Kultur Etxearen izendatzearekin hasiko da egitaraua, eguerdiko 12:00etan. Ondoren, herriko gazteek mural bat margotuko dute Kultur Etxean bertan, eta 12:30ean Joana Ziganda eta Ekain Alegrek Luziaren bertsoak musikatuko dituzte. 14:00etan, herri bazkaria eginen da, Astizek nabarmendu bezala, Luziak prestatu ohi zituen platerekin. 16:15etan bideo bat proiektatuko da. Eguna bukatzeko, 16:30ean, bertso saioa izanen da Maialen Lujanbio, Alazne Untzalo eta Saioa Alkaiza bertsolariekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!