Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 18a, 13:53

24 bertsolari arituko dira, zortzi saio izango dira eta finala Iruñean jokatuko da abenduaren 2an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46.ena izango da aurtengoa eta "zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du", aurkeztu du txapelketa Bertsozaleen Elkarteak.
Bi hilabetez, Nafarroako bazterrak zeharkatuko dituzte, "euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz". Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango dela adierazi du elkarteak. 
 

Txapelketaren nondik norakoak

Aurtengo txapelketan, zortzi saio egingo dira beste horrenbeste udalerritan, "Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin". 29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean.
Lau final-laurden izango dira guztira, Iruritan, Vianan (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbatez, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, 2023ko txapela eskuratzeko.
Parte hartzaileei dagokionez, askotarikoa izango da ordezkaritza. Lau parte hartzaile berri izango dira: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda. Halaber, txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbatek ere parte hartuko dute. Aurten, gainera, lau txapeldun ariko dira aitortu du Bertsozaleen Elkarteak: Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza.
Sarrera guztiak eskuragai daude gaurtik aurrera www.bertsosarrerak.eus  atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta finala, 17:00etan hasiko dena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!