Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46.ena izango da aurtengoa eta "zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du", aurkeztu du txapelketa Bertsozaleen Elkarteak.
Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak txapelketaren xehetasunak argitu dizkigu. Bi hilabetez, Nafarroako bazterrak zeharkatuko dituzte, "euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz". Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango dela adierazi du elkarteak.