U23 HAUTESKUNDEAK

Koldo Leoz (EH Bildu): "Ezker independentista aukera bakarra da Madrilgo gobernua ezkertiarragoa izateko"

Iosu Ganuza Garcia 2023ko uzt. 17a, 11:45

EH Bilduren senatarigai Koldo Leoz Garciandia izan da Guardasola saioan.

Koldo Leoz Garciandia izanen da EH Bildu – Independentzia Ezkerretik koalizioaren hautagaietako bat uztailaren 23ko Espainiako Senaturako. Lizarratarra Guardasola saioan izan da.

Bi legegintzalditan izan da Lizarrako alkate eta eskarmentua du dagoeneko udal politikagintzan. Kanpaina ez ohiko giroan egiten ari da Sanferminen erdian eta udako oporraldi betean, “egoera arraroa da” Leozen aburuz, baina aldi berean entretenigarria.

Kanpainaren lehen astea ekitaldi politiko zein aisialdirako tarteekin uztartu du senatari-gaiak.

EH Bilduren lehen hauteskunde-ekitaldia bertan behera utzi zuen hauteskunde batzordeak. Horren aurrean azpimarratu du Koldo Leozek “ez dutela lortu gure ahotsa ixilaraztea” eta, zehazki, “gure kontra egiten diren hainbat mugimenduk, gure irudia” zabaltzen dutela.

Estatuan eta Nafarroan bizi den “ziklo aldaketa” bertan errepikatu den moduan, “Estatuan ere jarraitu behar du” haren aburuz. “Eskuinaren jarrera erreakzionarioaren aurrean” bloke ezkertiarra izanen da, eta argi utzi nahi izan du hori ez dutela “soilik PSOEk eta Sumarrek osatuko”, “ezker independentista erabakigarri izango da, eskuinaren aurka eta PSOE ezkerrerago birarazteko”.

Hautetsontzietan Nafarroan hautatzen diren bost senataritatik lau hautatuko dira igandean, bestea Nafarroako Parlamentuak hautatuko du. EH Bildu kongresuan bigarren indarra balitz lortuko luke senatari bat, azaldu du Leozek, baina EITB Focus inkestaren arabera ehuneko lau puntura dago PPrengandik.

Senatuan lege askoren etorkizuna dago jokoan eta gainera nazioarteko arauak eta tokian tokiko gaiak lantzen dira, besteak beste “Nafarroaren autogobernua dago jokoan Senatuan” aipatu du.

Hiru hautagai ditu EH  Bilduk Nafarroatik sepia koloreko txartelean, Koldo Leoz, Amets Inda eta Joseba Otondo, hiruak alkate izandakoak. Hain zuzen ere “udalgintzan EH Bilduk duen indar berarekin iritsi nahi du senatura”, “herritarrengandik gertu egonda haien arazoei irtenbidea emateko, gure herrietan gertatzen diren hainbat arazo Madrildik datozelako eta bertan konpondu beharko ditugulako”.

Abertzaleen koalizioa batera aurkeztuko da ERC alderdi katalandar independentistarekin. Helburua da “gehiengo sozialaren eskubideak defendatzea, neurri sozial aurrerakoiak lortzea” eta “PSOE agintean izanda neurri horiek aurrerakoiagoak dira ezker independentista bertan badago”. Gainera bi nazio “hemen gaudela” oihukatuko dugu.

Gaur publikatutako EITB Focus inkestara itzulita berretsi du bigarren indar gisa aurreikusten den PPren eta EH Bilduren arteko %4ko aldea, eta horregatik argi utzi nahi izan du, inkesten arabera aukera aurrerakoi argiena koalizio subiranistarena dela, “PPri bigarren diputatua kentzeko tresnarik eraginkorrena EH Bildu dela”.

Probintzia ikuspegitik mintzo direla esaten duten ahotsen aurrean berretsi du: “EH Bildun independentistak gara”. “Behar den une guztietan esango dugu, independentzia lortzeko pausoak leku desberdinetan eman behar dira”, “Euskal Herrian baina Madrilen ere egon behar gara”, aipatu du.

Ohartarazi du Leozek: “inboluzio batera eraman nahi gaituzte PPk eta VOXek”. Azpimarratu du PPren programa eskuin muturrak markatzen duela eta hori “oso erreakzionarioa dela”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!