“PSNk badaki bihar hiruko bilera antolatzen badu ez garela joanen”, azaldu du Geroa Baiko parlamentari Maria Solanak Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan. “Deia antolatzea eta prentsara deialdia bidaltzea arduragabekeria larria izanen litzateke eta salatuko genuke”, gaineratu du.
“Guretzako ezinbestekoa da hiruko bilerei ekin aurretik buruz-buru bilera egitea PSNk eta guk, argitzeko zein nolako gobernua eratu nahi den”, azaldu du Geroa Baiko eledunak. Haren arabera, kontua ez da kargu banaketa hutsa: “Gobernu barruko indar banaketa garrantzitsua da, iragan legealdian SPNk nahieran jokatu baitzuen gobernu barruan. Baina horretaz gain garrantzitsua da argitzea zertarako eratu nahi den gobernua”.
Maria Txibite jarduneko lehendakariak atzo esan zuen parlamentuko presidentetzarekin PSNk oso eskuzabal jokatu duela Geroa Bairekin, eta espero duela horrek blokeoa askatzea. “Hor PSNren eskuzabaltasunaz hitz egiteak ez du batere zentzurik; izan ere, parlamentuko presidentetza ez da haiena, 11 parlamentari besterik ez dute, presidentetza ez digute haiek eman, eta blokeoak bere horretan segitzen du”, azaldu du Geroa Baiko ordezkariak.
PSNko eledun Ramon Alzorrizek gobernua eratzeko akordiorik ezean foru hauteskundeak urriaren 8an errepikatzeko aukera aipatu du. “Oso larria litzateke. Demokraziarekin ezin da jokatu. Horretara iristen bagara, oso argi utzi beharko zaie herritarrei nor jokatzen ari den arduragabekeriaz eta berekoikeriaz, nor oztopatzen ari den bere interes alderdikoien, beldurren eta bazterketen arabera bai Nafarroako Parlamentuan, baita udaletan ere”, salatu du Solanak.