M28 udal eta foru hauteskundeak

Joseba Asiron: “Ez dago irtenbide aurrerakoirik boto emaileen %27 errespetatu gabe”

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 16a, 10:31

“PSNk ez du inongi asmorik hirugarren bidea gauzatzeko” eta “bere ardura ezkutatu nahian ari da”, EH Bilduren Iruñeko alkategaiaren arabera.

Joseba Asironek oraindik UPNren alkatetza ekiditeko itxaropen izpi bat dakusa, baina “izpi horri eutsi ahal izateko bazterketarik ez izatea ezinbestekoa da”. Hau da, hirugarren biderik ez du ikusten.

Bihar 12:00etan da eratzekoa Iruñeko Udala., eraketa saio horretan alkatea hautatuko dute, eta indar aurrerakoiek gehiengo osoa badute ere, UPNko Cristina Ibarrolak bereganatuko du aginte makila, zerrenda bozkatueneko buru moduan.

Izan ere, Joseba Asironek bere burua alkategai moduan aurkeztuko du, zerrenda aurrerakoi bozkatueneko buru moduan, eta PSNk behin eta berriz esan du ez duela EH Bilduko hautagaia sostengatuko.

PSNko parlamentuko eledun Ramon Alzorrizek esan du oraindik badagoela aukera hirugarren bide baten bitartez Geroa Baiko Koldo Martinez alkate egiteko. Haatik, Asironen aburuz, hirugarren bide hori ez da erreala: “PSNk ez du inongo asmorik hirugarren edo laugarren bide bat egiazki gauzatzeko. Defentsiban ari dira, haien ardura ezkutatu nahian, eta horretarako bidelagun bila”.

Asironek ulertezintzat jo du alderdi sozialistaren jarrera: “Azken legealdian, Iruñeko Udalean, elkarrekin lan handia egin dugu alderdi sozialistak eta guk. Ez dut sinesten beto hau Iruñeko PSNk ezarri izana. Ziur naiz kanpotik ezarritakoa dela”.

Iruñeko Udalean ez ezik, Nafarroako Gobernuan eta Espainiako Diputatuen Kongresuan elkarlanean aritu dira alderdi sozialista eta EH Bildu. Bera alkate izateko beste eremuotan indar subiranistak presio handiagoa egin beharko lukeen galdetuta, argi erantzun du: “Iruñeko kontuak Iruñean erabaki behar dira”.

Asironek, halaber, berriki Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak EH Bilduz COPE irratian esandakoak ekarri ditu gogora: “Argi esan zuen beste eszenatoki batean gaudela eta horretan kokatu behar dela ezkerra, bestelako planteamenduek eskuinari soilik egiten mesede”.

Geroa Bairen jarrerari dagokionez, bi puntu azpimarratu ditu EH bilduko alkategaiak: “Hasieratik gu indar aurrerakoirik bozkatuena garela-eta gure jarreraren zilegitasuna onartu dute, baina aldi berean hirugarren bidea aztertzeko prest azaldu dira”.

“EH Bildu kontuan hartzen bada Ibarrolak zero aukera dauzka alkatetza eskuratzeko, eskuinak ez du posibilitaterik. Aukera horiek EH Bildu baztertzerakoan hasten dira”, laburbildu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!