Eskuinaren zatiketak UPNren berpizkundea ala hondoratzea ekarriko du? Nola geratuko da UPNren eta PPren arteko indar oreka? Zer gailenduko da, eskuineko boto emaileen betiereko pragmatismoa ala bulkada fratizida? Nafarroako Jauregitik at egindako zortzi urteko zeharkaldiak zein heinean indartu ditu bulkada fratizida horiek? 2015era arteko bete diskurtso hegemonikoa ahiturik, UPN gauza izanen al da behingoz diskurtso berri bat ontzeko? Zer tiradizo izanen dute UPNtik PPra joandako hautagaiek, bereziki Iruñean? UPNren eta PSNren parlamentarien batuketa 26ra iritsiko al da? Iristen ez bada, zer gertatuko da UPNko buru Javier Esparzarekin? Eta UPNrekin oro har? Iristen bada, zer eginen du PSNk? Azken lau urteotan Iruñean zein Madrilen indar abertzaleekin harremanak normaldu eta gero, zer eginen du PSNk hurrengo legealdian? Zer eginen du udaletan? Aginte mailak berriro eskuinaren esku uztea onargarria al litzateke Txibiteren gobernua sostengatu duten indarrentzat? Zergatik jarri du Txibitek Parlamentuko Mahaiaren eraketa udalen eraketaren aurretik? Legealdi honetan Nafarroako politika instituzionalean gailendu den aurrerakoiak/atzerakoiak ardatza betirako al da? PSNk konstituzionalistak/abertzaleak ardatza berpizteko tentazioa eduki dezake? PSNren boto emaileek barkatuko al liokete atzera egitea? Nola geratuko da indar oreka PSNren eta gobernua sostengatu duten gainontzeko indarren artean? Legealdi honetan zergatik egon da hain gain ordezkaturik PSN gobernuan? Hurrengoan ere hala egonen al da? Asmatuko al dute gobernuaren aldeko gainontzeko indarrek sozialistak soka motzagoan lotzen? Hizkuntza politika zentroan jarriko al dute? Mobilizazio sozialari dagokionez zergatik izan da hain lasaia legealdi hau? Lasaitasun horrek zein eragin eduki dezake 2015eko aldaketaren gobernua eratu zuten alderdien boto emaileengan? Legealdia gobernu barruan PSNren gerizpean eman eta gero, Uxue Barkosen tiradizoa aski izanen al da Geroa Bairentzat emaitza onak lortzeko? Gobernutik at erosoago mugitu den EH Bildu gauza izanen al da Laura Aznal zerrendaburu berriaren irudia indartzea? Nork lortuko ditu boto gehiago, Geroa Baik ala EH Bilduk? Zurekin Nafarroaren batasunak zein heinean ilusionatuko ditu bere boto emaileak? Zein eragin izanen du haiengan Sumar eta Podemos proiektuen arteko sestrak? Zer gertatuko da Iruñeko Udalean? Egiazki izan al daiteke Joseba Asironena zerrendarik bozkatuena? Zer eginen du Elma Saizenak? Erantzuna, maiatzaren 28an.