Nafarroa Garaian euskararen ofizialtasuna bermatuko duen Euskara Lege berria aldarrikatuko du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak datozen egunotan. Bi hilabete barru izanen dira hauteskundeak, eta agenda politikoan txertatu nahi dute gaia.
"Aurten zortzi urte beteko dira Nafarroako testuinguru politikoa aldatu zela eta euskararen ofizialtasunaren aldarria, oraindik, ez da legez gauzatu", salatu du Sugoi Etxarrik. "Ustez aurrerakoiak diren bi gobernu izan ditugu azken legealdietan, baina euskaldunon eskubide zibilak urratzen dira oraindik ere".
“Bada garaia, euskara ofiziala eta kitto!” leloarekin bi elkarretaratze, ekintza bat eta mobilizazio nagusi bat eginen dituzte. Apirilaren 22an Bardeetan eginen dute lehenengo protesta. Apirilaren 29an, 19:00etan elkarretaratzea antolatu dute Igantzin, eta maiatzaren 6ean 12:00etan Tafallan. Mobilizazio nagusia Iruñean izanen da, maiatzaren 13an, 12:00etan Konstituzio Plazatik hasita.