2020ko martxoan egin zuen EHUko Unesco katedrak Pasaiako sarraskiaren inguruko txostena. Hilabete honetan izan dute haren berri badian hildako lau gazteen senideek, ordea, Jaurlaritzaren teknikariek osatutako batzorde batekin bildu ondoren. Zapore gazi gozoa utzi die ikerketa lanak, Karlos Delas, hildako Rafael Delas Txapas-en anaiak azaldu duenez.
1984. urteko martxoaren 22an hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak, Pasaiako badian. Albistez inguraturik bizitzen ari dira urteurrena, eta gogorra izaten ari da senideentzat . Datorren asteartean ustezko hiltzaileetako batzuk identifika ditzakeen ikusteko deitu du Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak Joseba Merino, segadatik bizirik atera zen militante bakarra.
Atzo lore eskaintza egin zuten, eta larunbatean ekitaldi nagusia antolatu dute, Azpeitiko Azoka Plazan, 19:00etan.