Sistema publikoaren defentsa irmoa egin du Maria Txibite presidenteak, legegintzaldiaren balantze ekitaldian. Azken lau urteek publikoaren beharra azaleratu duela iritzi dio. Espero ez ziren egoerak zuzentzea egokitu zaio Txibiteri, eta horiek izan dira zailtasunik handienak harentzat: Koronabirusa eta Ukrainako gerra. Horiei, baina, aurre egiten jakin dutela azpimarratu du. Harro dago egindakoaz: "Bizitzako irakaspen bat izan da, oso eskertuta nago. Ohore bat izan da Nafarroa zuzentzea, erantzukizun horrek eskatzen duen mailan jarduten jarraitzea espero dut".
Banan-banan egindakoak zerrendatu ditu presidenteak. 7.000 plaza publiko egonkortu dituztela, osasungintzako bitarteko teknologikoak berritu dituztela, inbertsioa erakarri, autokontsumoa bultzatu, Nafarroako Kanala edo AHTa bultzatu duela adierazi du, nafarrei kalitate handieneko lurraldea eskaintzeko. "Berretsi da Nafarroa kalitate handieneko lurraldea dela", esan du.
Egindakoaz azalpenak emanen dizkie datozen egunotan Nafarroako udalerri guztietako alkateei presidenteak, bilerak hitzartu ditu eta guztiekin. Eta politikoki, hain zuzen, elkarrizketarako gaitasuna nabarmendu du. Gutxiengoan izanda beharrezko neurriak eta politikak garatzeko adostasunetara iristen jakin dutelako, “eskuinean zein ezkerrean”. Horien artean, trafiko eskumenaren berreskurapena nabarmendu du, adieraziz hogei urtetan lehenengoz zabalduko dela autogobernua.
Nafarroako Gobernuak webgune berezi bat sortu du Maria Txibite presidentearen eta gobernuko kontseilari guztien balantzea jasotzen duena. Atariak ez du euskarazko bertsiorik.