Uztailaren 1ean berreskuratuko du Nafarroako trafiko eskumena. Hala jaso dute Nafarroako Espainiarekin sinatutako aurre-akordioan. Aurretik, ordea, berrespena behar du testuak. Bihar bilduko Nafarroako aldea, eta baiezkoa emanen diote UPNk, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk.
Akordioaren letra xehea ezagutuko dute bihar, baina orain arte ezagutzen dutenarekin "konforme" agertu da Geroa Bai, nahiz eta uste duten berandu iritsi dela. EH Bilduk, berriz, eskumena erabat gauzatzeko aldi iragankorra laburtzeko galdegin du. Guardia Zibilaren eta foruzaingoaren arteko pasabidea ez ezik, polizien legeak jasotzen duen beste bat aktibatzea eskatu dute, udaltzainak ere foruzain izatera igaro ahal izateko.
Norena da lorpena?
1964ean galdu zuen Nafarroako trafikoaren eskumena, Francok Guardia Zibilaren esku utzi zuenean eskumena, eta berreskurapena aldarrikapen historikoa izan da. 2000an Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak konpromisoa hartu zuen Miguel Sanz orduko Nafarroako Presidentearekin. "UPN beti egon da Nafarroak bere gain hartzearen alde", adierazi du gaur Javier Esparza presidenteak.
Denek nahi dute-eta ardura hori bere egin. Geroa Bai gobernukideak aurreko legegintzaldian kokatu du eskuduntzaren berreskurapenaren hazia. Uxue Barkos presidente zela Pedro Sanchezen konpromisoa lortu zuen. "Guk egindako lana gabe, ez ginateke hemen egonen", esan du Maria Solana Geroa Baiko kideak.
PSNk, ordea, Maria Txibiteri egotzi dio lorpena. "Txibite presidentea da tranferentzia ekarriko duena", adierazi du alderdikide duen Ramon Alzorrizek. EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, Espainiaren eta haren alderdiaren arteko aurrekontu akordioari esker izan dela dio.