Atzo hasi zen Hezkuntzan aurre-matrikulazio kanpaina. Nafarroako 5.200 haurren familiek aurrenekoz aukeratu beharko dute zein ikastetxera eraman haien seme-alabak. Euskarazko ereduari erreparatuz, eskaintza publikoaz gain, Nafarroako Ikastolen Elkartean bildutako hamabost ikastola dituzte aukeran.
Ikastolen hezkuntza ereduaz mintzatu da Josu Reparaz elkarteko presidentea, goizean, Iruñerria Goizetik albistegian. “Heziketa integral bat sustatzen dugu”, nabarmendu du. Euskararen normalizazioan laguntzeko jaio ziren ikastolak, duela 50 urte baino gehiago. Geroztik eredu euskalduna da haiena.
Hezkuntza eredu propioa garatu du elkarteak, herritarra, anitza eta eraldatzaileak. “Ikasleek ikasten dute ikasten, egiten eta izaten”, zehaztu du Reparazek. Eredua gertutik ezagutzeko, ikastoletara hurbiltzeko deia egin die presidenteak familiei.