Epeak laburtzen ari zaizkio gobernuari. Hauteskundeak maiatzaren 28an izanen dira, eta hilabete batu amaituko du jardun politikoa X. legegintzaldiko Nafarroako Parlamentuak. Osasun zerbitzu publikoko medikuen soldata igoera adostu du Nafarroako Gobernuak Medikuen sindikatuarekin, eta egikaritzeko lege moldaketak egin behar ditu foru ganberan. Gainerako sindikatuekin negoziatzen ari direna ere, parlamentutik igaro beharko da. Beraz, urgentziaz eta irakurketa bakarrean egin beharko ditu gobernuak, eta babesa ziurtatuta edukitzea erabakigarria izanen da. Momentuz, ordea, ez du halakorik.
Gobernua osatzen duten taldeen arteko desadostasunak gainditu nahi ditu lehenik gobernuak. Gaiaren gaineko bilera eginen dute gaur. Medikuen sindikatuarekin soilik negoziatzea ez dute begi onez ikusi Geroa Baik eta Ahal Duguk, eta proposamenak sindikatu eta langile guztien eskakizunak erantzun ditzala eskatu diote. Datozen orduetan gobernukideak adostasun batera iritsiko direla uste du Geroa Baik.
Bihar bilduko da Funtzio Publikoko mahai orokorra, eta gobernuak sindikatuei zer proposatzen dien entzun nahi dute. Orduan hartuko du erabaki bat aldedi moreak gobernuak Medikuen Sindikatuari egindako proposamenaren gainean. Parlamentuan gobernuaren asmoak ahalbidetzeko, norabidea izan izan beharko lukeen zehaztu du, baina, Ainhoa Aznarezek: "Gainontzeko eragileei ere, osasun sistema publikoa osatzen duten langile guziei duindu behar zaizkie lan baldintzak".
Gobernua egiten ari den jarduna azpimarratu du PSNk, eta egin duten proposamenak langile guztien baldintzak duinduko dituela diote. Gobernuko kideen babesa, baina, ez du nahikoa exekutiboak. Ezinbestekoa ditu EH Bildu edota eskuineko hirukoko UPN, PP eta Cuidadanosen botoak.
Ibilbide orri zehatz bat eskatu dio EH Bilduk gobernuari. Hala adierazi zien exekutiboko ordezakariei gaur zortziko bileran. Orain arteko jarrera du alderdiak, eta zain dago gobernuak noiz deituko dituen egin zituzten ekarpenei zein erantzun ematen dien ezagutzeko. Parlamentua funtzioetan dagoen bitartean, erabakiak hartu ahal izateko "txeke zuri" bat gehitu dutela salatu du EH Bilduk.
Marra gorria da xedapen gehigarri hori UPNrentzat ere. Kentzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari Javier Esparzak, eta Nafarroako Erribera eremu berezien artean gehitzea. Hori eginen balu prest legoke alderdi erregionalista lege moldaketa ahalbidetzeko.
Negoziazioa mahai orokor edo sektorialean eman beharko litzatekeela adierazi du, berriz, Ezkerrako Marisa de Simonek. "Ordainsari aldaketa osasun langile guztientzat izan beharko luke", adierazi du. Ezkerra ez dago ados soldata soilik medikuei igotzearekin.