Medikuen elkarte ultrakontserbadoreak eta Nafarroako Gobernuak adostutako aurre akordioak hileko 400 euroko ordainsari igoera jasotzen du, hamalau pagetan. Oinarrizko soldatari gehituko zaion osagarria izanen da, eta gauzatzeko Osasunbideako langileen baldintzak ezartzen dituen legea moldatu beharko da. Nafarroako Parlamentuaren babesa beharko du gobernuak, beraz.
Testua bere horretan mantenduz gero, gaur gaurkoz, gobernuak ez du gehiengorik foru ganberan. Izan ere, EH Bildu eta Geroa Bai kritiko agertu dira aurre-akordioren laugarren puntuarekin. Erregelamenduz soldata igoerak ezartzeko xedapen gehigarria gehituko dela jasotzen du testuak, lege moldaketetan. Gobernuak parlamentuaren gainetik gutun zuri bat nahi duela ohartarazi du alderdi subiranistak, eta ez diola horri bide emanen dioten ezerri babesik emango.
EH Bilduren ustez negoziazio esparru kolektiboak gutxietsi ditu Nafarroako Gobernuak. Medikuen sindikatuarekin negoziatu dute, baina gaia ez da eztabaidatu Mahai sektorial eta orokorrean. EH Bilduk deitoratu du negoziazio mahai bat izanen dutela sindikatuak eta gobernuak, akordioaren arabera. Itxita zeuden gaiak aztertzea eraginen duela dio Adolfo Araizek.
Nondik norako zehatzak ez dituzte ezagutzen une honetan gobernuko kide diren Geroa Bai eta Ahal Dugu alderdiak. Baina kezka dute erregelamenduz soldata igoerak ezartzeko xedapen gehigarria gehitzearekin. Lehen arretak behar dituen aldaketa estrategikoei heltzeko momentua dela uste du Geroa Baik, eta medikuen aldarrikapenei bakarrik ez, gainerako langileen beharrei ere erantzun behar zaiela.
Zein jarrera hartuko duten, gobernuarekin negoziatu ondoren zehaztuko dute. Antzera Ahal Dugu. Edonola, Mikel Builek aitortu du esklusibotasunaren ezabapena akordiotik kendu izanak baiezkoa erraztuko duela. Testuari kritikarik egin gabe, egindakoa nabarmenduz, pozik azaldu da aurre akordioarekin PSN. Lege moldaketak onartuko direla espero du alderdi sozialistak.
Azken orduan egindako akordioa dela kritikatu du Navarra Sumak, eta salatu du gaur goizean jaso dutela testuaren berri. "Inork ez dezala gure baiezkoa aintzat hartu. Aztertu behar dugu", ohartarazi du Marta Alvarezek. Gobernuak ez du bilerara deitu eskuineko koalizioa.