Medikuen sindikatuak astelehenean utzi zuen greba bertan behera, eta bazirudien giroa lasaitzen ari zitzaiola Nafarroko Gobernuari. Baina ez ditu kontent, ez elkarte kontserbadoreko medikuak; ez eta osasunbideko gainerako langileak. Akordioa betetzen duela ziurtatzeko grebara joko du medikuen sindikatuak martxoaren 15etik aurrera, parlamentuan momentuz ez baitu babesik gobernuarekin sinatu duten akordioak. Eta gutxiengo bat den sindikatu horrek izan duen bitartekaritza eta tratua nahi du gehiengoak.
Gobernuak dio funtzio publikoko mahai orokorra dela negoziazio markoa. Eta haien jardunean hori errespetatzen ari direla. Baina Osasunbideko LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuak ez daude ados. Salatu dute “etsigarria” izan dela negoziazioa, haien aldarrikapen guztiak ukatu dituelako gobernuak eta mahai orokorrean medikuen sindikatuarekin adostutakoak inposatu dituela.
Gezurretan aritzea leporatu diote gobernuari, halaber. “Goizean gauza bat esaten ziguten, eta arratsaldean prentsaren bidez enteratu izan gara beste zerbaiten inguruan aritu direla hizketan sindikatu korporatiboekin”, azaldu du Oier Osinaga LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak. Ondorioz, Osasun departamentuko ordezkarienganako konfiantza galdu dute.
Grebara deitu dute berriro martxoaren 23rako, eta negoziazioan Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusia bitartekaria izan ez dadila eskatu dute. Langile guztien lan-baldintzak hobetzea galdegingo diote berriro gobernuari.