Elkarretaratze jendetsua egin dute LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Vianako Printzea kontsultategiaren atarian.
Heldu den asteazkeneko manifestazioari begira gaur goizean egindako elkarretaratzean bildutako 250 lagunek deialdiari bultzada ematen lagundu dutela azpimarratu dute bozeramaileek, eta indarberrituta sentitu dituzte euren buruak sindikatuetako kideek astearteko negoziazio mahaira joateko.
Gobernuarekin bilduko dira berriro, aste honen hasieran lehen kontaktua gobernuarekin egin ostean.
Gobernuarekin eginiko negoziazio mahaira sindikatuen arteko elkarteak eramandako eta eramango dituen aldarrikapen nagusiak lan arlokoak dira, nahiz eta batzuk ere soldatei erreparatu.
Besteak beste, Osasunbideko langileen kopurua dimentsionatzea hainbat esparrutan, guardien inguruan moldaketak egitea, lehen arreta indartzeko pausoak programatzea, osasun profesional zein osasun arloko profesional gisa haintzat hartuak ez dauden langileen ibilbidea aitortzea eta esklusibotasunaren osagarria mantentzea eskatuko dute.
Azkenik asteazkeneko greba deialdia berretsi eta goizeko 11:00etan Nafarroako Unibertsitate Ospitaletik aterako den; zein arratsaldeko 17.30etan autobus geltokitik aterako den manifestazioekin bat egitera deitu dituzte Osasunbideko langileak.