Marta Diaz (Sortzen): “D ereduari mesede txikia egiten dio eskola mapak”

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko urt. 26a, 09:56

Sortzen elkarteak salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela euskarazko lerrorik eskaini Blanca de Navarra ikastetxe publikoan, Leringo hainbat gurasok eta eragilek D lerroa eskatu arren.

Euskarazko lerroa nahi dute Leringo hainbat gurasok eta eragilek. Hemezortzi ikaslek dira denera, eta epearen barruan egin diote Leringo Blanca de Navarra ikastetxe publikoan D eredua ezartzeko eskaera Hezkuntza Departamentuari. Hala ere, gobernuak ez du eskola mapan gehitu eskatutakoa. 

Arrazoiak eskatuko dizkio departamentuari Sortzenek. “Egia da Larragako eskaera baino beranduago egin zela eskaera, baina epearen barruan. Larragan lortu da D eredua ezartzea, eta Lerinen ez”, azaldu du elkarteko Marta Diazek.

Aurreko legegintzaldiko Nafarroako Gobernuak, jardunean, onartu zuen Ikastetxe Publikoen Sarea berrantolatzen duen Foru Dekretua. Orduan ezarritako antolamendu-egitura horren bitartez jakin daiteke, bizilekuaren kokapenaren arabera, zer ikastetxe publiko dagozkion bakoitzari, hezkuntza-etapa eta aukeratutako hizkuntza-eredua kontuan hartuta. Eskola Kontseiluan ari dira egun mapa lantzen, eta euskararen normalizazioa geldiarazteko beste tresna bat dela salatu du Diazek. 

Leringo familien eskaera errefusatzeko arrazoiak galdegingo dizkio elkarteak Hezkuntza Departamentuari, eta Leringo familien eskubideen alde eginen duela iragarri dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!