Arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko Europa mailan aitzindaria izanen den legea izateko bidean Nafarroa. Lege proiektua onartu berri du gobernuak. Arrazakeria eremu publiko guztietan prebenitzeko eta diskriminazioaren aurrean babes-sistema bat eskaintzeko baliabideak ezarriko ditu, migrazio politiketarako kontseilari Eduardo Santosek azaldu duenez.
Legearen saiakera handienak prebentzioan egingo badira ere, ekintza zehatzak ere kontenplatzen ditu, kasu Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nafarroako Kontseilu bat eratzea, zeinek zainduko duen lege hau betetzea eta politika publiko oro beti ikuspegi inklusibo batekin egokitzea. Baita Gobernuko eta Administrazio Publikoetako ekintzak ikuskatzea ere, edonolako esparrutan, diskriminatzaileak izan litezkeen jarrerak saiheste aldera.
Nafarroako Parlamentura bidaliko dute testua orain, han eztabaidatu eta, ondoren, onar dezaten.