Nafarroako udal mapa ez da eraginkorra Kontuen Ganberaren iritziz. Nafarroak toki entitate "asko eta gehienak txikiak" dituenez, kalitatezko zerbitzua eskaintzea zaila dela argudiatu du organo fiskalizatzaileak. 2020ko tokiko entitateen egoera orokorrari buruzko txostenak bildu dituenak datu eta gomendio nagusiak laburbildu ditu Fermin Erbiti komunikazio arduradunak, Iruñerrian Goizetik albistegian.
Nafarroak 701 toki entitate ditu, eta 272 udalerri. Mapa aldatzeko legea onartu zuen aldaketaren gobernuak 2019ko otsailean, baina gaur egun hori garatzeko borondaterik ez dagoela gogorarazi du Erbitik: "UPN eta PSN horren aurka azaldu ziren, beraz gaur egun ez dago borondate politikorik lege hori garatzeko". Toki administrazioaren erreformarako bidean aurrera egin dezatela eskatzen die txostenak gobernuari eta parlamentuari.
Ekonomiari lotuta, berriz, azterlanak ondorioztatu du pandemiak ez duela udalen finantza egoera okertu, "udalek transferentziak jaso zituztelako eta gastu gutxiago izan zutelako".
Europak aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasunerako arauak bertan behera utzi baditu ere, txostenak zuhurtziaz jokatzen segitzeko eskatzen die udaletako arduradunei. Lanpostuen zerrendetan beharrezkoak diren lanpostu guztiak sartzeko ere eskatzen du. Azkenik, langileriaren behin-behinekotasuna gutxitzeko enplegu eskaintza publikoak egiteko beharra azpimarratzen du.