Hamabi eskualdetan banatuko da Nafarroa gaur udal maparen erreforma onartuta

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 31a, 13:09

Zalantzati azken uneraino Orain Bai taldeko Fanny Carrillo. Azkenean, bere nahiaren kontra baiezkoaren botoia zapaldu du. Hala 26 aldeko botorekin aurrera egin du udal mapa berriaren legeak. 

Nafarroako Udal Maparen erreformak argi berdea du, azkenean. Zalantzati azken uneraino Orain Bai taldeko Fanny Carrillo. Azkenean, bere nahiaren kontra ikusi dugu baiezkoaren botoia zapaltzen. Dena dela, bere alderdikide Ruben Belascok esan du arduraz jokatzea erabaki dutela. Hausnarketa egiten hasita dena dela, akordio programatikoan jasotakoa ez dela betetzen uste du Belaskok. Aurrera atera den lege hau ez delako behin betikoa, eta finantziazioa ere ez duela jasotzen. 

Arrazoizkoa eta efizientea da legea Geroa Bairen esanetan. Herriek dituzten beharrak erantzunen ditu eta zerbitzuak eskainiko zaizkie. Erregimenaren ereduarekin talka egiten duen aldaketaren eredua da, esan du Unai Uhaldek.  Hutsuneak ditu bai, baina etorriko diren beste proiektuek osatu, egokitu eta garatu eginen dute oinarri sendoak sustraitzen dituen legea. EH Bildurentzat UPN-PSN eta PPk egiten jakin ez dutenari, 30 urteko ezintasunari erakutsi zaio ahalmena. Izquierda-Ezkerrak bi garaipen handi nabarmendu ditu: onurak eta zerbitzuak eskainiko zaizkie herritarrei eta landa eremuari, euren indarra sendotzen duela.

Udal maparen erreformaren aurkako jarrera hertsia UPN, PSN eta PPk. Eta betiko mamuak haizatzen entzun ditugu. UPN eta PPk esan dute EH Bildu eginen dela eskualdeen jabe eta horrekin batasunizazioa eta euskaldunizazioa iritsiko zirela Nafarroan. Are gehiago, edo langileekin zaude edo nazionalistekin, hala bota du PPk. Alderdi sozialistaren ustez galtzaile aterako dira herri txikiak. 

Gehiengo osoa behar zuen legeak aurrera egiteko eta laukoak bat egitearekin aurrera atera da. Lasaitua hartu dute bereziki proiektuan lanean aritu direnek. Landa Garapenerako kontseilariak, Isabel Elizaldek eskertu egin ditu parte hartzen aritu diren alde guztiak. Eskualdeka bereiziko duen udal mapa berria sendoagoa, efizienteagoa eta hurbilagoa izanen dela esan du.

Beharrezkoa izan da aldaketa hau baita Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentearentzat ere. Herriek sumatuko dute aldaketa. Unai Lako Agoizko alkatea da. Herri txikiek ezin dituzte kudeatu zuzenean zerbitzu guztiak eta onuragarria izanen da alde horretatik eskualde batek eginen duelako lan hori.

Elkarri besarkada bat baino gehiago emanez amaitu da udal mapa erreforma.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!