Mercedesek eta Rosariok bazekiten zeinen garrantzitsua zen euren familientzat lanean hasi, eta soldata bat etxera eramatea. Hamalau urte besterik ez zuten. Ez zekiten zer zen lan egitea. Ez zekiten zer topatuko zuten lantegi hartan. Lanean hasteko aukera eduki izanak hainbesteko poza eman zien, non ez zuten pentsatu zer aurkituko zuten fabrika hartan. Nabaria zen emakume eta gizonen arteko botere harremana, lan baldintza gogorrak, beldurrez igarotako uneak.