Urko Aierbe (Hordago): “Nafarren eskubideen aurkako ‘apartheid’a da zonifikazioa”

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 20a, 10:33

Euskararen legeak ezartzen duen zonifikazioaren aurkako manifestazioa eginen du Hordago ekimenak, Tuteran, larunbatean. Taldeko Urko Aierbe eta Tuterako bizilagun Aristoteles Fuentes izan dira Euskalerria Irratian.

Inolako diskriminaziorik gabeko Nafarroa batean bizi nahi dute, eta hori aldarrikatuko dute larunbatean, Tuteran. Manifestazioa eginen dute Euskararen Legearen Zonifikazioaren aurka eta Nafarroako euskal hiztunen hizkuntza-eskubideen alde.

“Nafarroako lekuaren arabera eskubide ezberdinak ditugu, hori ez da justua”, adierazi du Hordagoko Urko Aierbek. Edozein nafarrek euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea Nafarroan osoan praktikan jartzea eragozten duten oztopoak kentzeko eskatuko dute, “etengabeko gurpilarekin” amaitzeko.

Tuteran bizi duten egoeraren berri eman du Metropoli Foralean Aristoteles Funtesek. Egoerak sozialki hobera egin duela uste du, baina administrazioan direla trabarik handienak. Tuterako Udalak, esaterako oztopoak jarri dizkio larunbatean manifestazioari lotuta Deskontrolek eskaini behar zuen kontzertuari. Gertatutakoaren berri emateko agerraldia eginen dute gaur Kontseiluak, Behatokiak, Agerraldiak eta Errigorak, arratsaldean.

Hordago! mugimenduak antolatutako protesta Foruen plazatik abiatuko da 17:30ean, larunbatean. Iazko azaroan aurkeztu zuten Hordago! dinamika, Cortesko adierazpenaren aurkezpenarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!