Asteburu osoko programazioa prestatu dute 2022ko Nafarroa Oinezerako

Iosu Ganuza Garcia 2022ko urr. 6a, 18:11

Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz izan da Euskalerria Irratian. 

Garces de los Fayos ikastolak datorren igandean, urriak 16an, Nafarroako ikastolen jaia hartzeko azken xehetasunak prestatzen ari da. Dagoeneko badituzte prest ibilbidea eta guneak. Hiri zirkuitoa izanen da, bi kilometrotakoa eta Tafallako berdegune ezberdinak zeharkatuko dituena.

Lau gune ezberdin izanen ditu. "Antolakuntzako kideok jabetu ginen Nafarroa Oineza txiki bezala, gazte moduan eta orain guraso garela bizitzea tokatu zaiguela eta horregatik guztiondkao tokia eta jarduerak antolatu ditugu", azaldu du programako arduraduna den Xabier Salvok. Skabidean eta Rotten XIII taldeen kontzertuak nagusi izanen diren gazte gunean, bestelako jolasak eta jarduerak antolatu dituzte. Haur txikiek, ordea, puzgarriak, ipuin kontalariak eta jolasgune berezia izanen dute beren gunean.

Larunbatera ere zabalduko den festa

Azken urteotan Nafarroa Oinez hartzen duten herrietan, aurreko eguentan sortzen zen giroa ikusita, Garces de Los Fayos ikastolako kideek larunbaterako ere programazioa prestatu dute. Tafallara asteburu pasa gerturatzen direnendako eskaintza izanen da. "Nafarroa Oineza prestatzeak eragin digun ilusioak gainezka egin eta larunbatera ere zabaldu dugu", aitortu du Xabier Salvo programa arduradunak.

 

Tafallara garraio publikoan

Nafarroako ikastolen festa jasangarria izan dadin eta kotxe pilaketak ekiditeko garraio publikoaren erabilpena gomendatu dute antolakuntza kideek. Renfe-k tren zerbitzu berezia prestatu du Iruñetik Tafallaraino goizean eta Tafallatik Iruñeraino arratsaldean. Goizean 10.05ean, 11:00ean eta 11:55ean tren bereziak irtengo dira Iruñetik. Bueltako ordutegia 17:07an, 18:35ean eta 20:50ean izanen da Tafallatik. Renfe-k bidai txartelak aldez aurretik erostea gomendatu die euskaltzaleei.

Hala eta guztiz ere, autoan Tafallara gerturatzen direnek ere parkingak izanen dituzte prest; baita asteburu luzeaz gozatzera autokarabana eta kanperrekin joanen direnek ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!