Nafarroan familiaren laguntzarik ez duten 18 eta 23 urte bitarteko gazte migratzaileei arreta eta garapen integrala emateko Kimua zerbitzua dute oinarrian Zabalduz kooperatibak martxan jarritako proiektuek. Gazte migratzaile eta errefuxiatuen integrazioa egia bihurtzeko gizartea inplikatu nahi dute.
Kalean eginen du Gure Arteko egitasmoak, elkarteak eta gazteak batuz proiektura. Horretarako, komunitate anfitrioiak bilatzen ari dira Tuteran, Sakanan, Iruñerrian eta Mendabian. Interesdunek gurearteko@agintzari.eus helbidean edo 688730310 telefonoan eskatu dezakete informazioa.
Bigarren hezkuntzako ikasleak izanen ditu, berriz, helburu Zeruertz proiektuak. Ikastetxeetako kultur aniztasuna kudeatzeko tresnak eskainiko dituzte, ikasleentzat, irakasleentzat eta familientzat. Tokian tokiko egoerara egokituko dute esperientzia.
Proiektuek Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken departamentuko diru laguntza dute, eta ikasturtea hastearekin batera jarriko dituzte martxan.