Iazko urrian jakinarazi zuen Kontxi Etxeberriak erretiroagatik Bakaikuko denda itxiko zuela. 330 biztanleko herriko denda bakarra zen, eta herritar askoren topaleku. Herriarentzat duen garrantziaz jakitun, alternatiben bila hasi zen herriko udala. Sakanako Garapen Agentziara jo ondoren, kooperatiba bat sortzea erabaki zuten. Burujabetzan aurrera urrats bat da, Lander Urritza kidearen iritziz.
Bakaikuko Udalak erosi zuen lokala, eta denda gisa ere egokitu du. Inbertsioa 145.000 euro ingurukoa izan da, eta 50.000 euroko diru-laguntza eman du Landa Garapenerako Programak. Irabazi asmorik gabeko kooperatibak bitartean bazkideak bilatu ditu. Erantzuna berehalakoa izan da: aste bakarrean jarritako helburua erdietsi zuten.
Orain denda noiz irekiko zain daude. Festetan inauguratu nahi zuten, baina egokitu den urte-sasoiaren ondorioz, luzatu egin zaie baimena eskuratzeko lana. Hilabete honetan zabaldu nahi dituzte, dena den, ateak.