Ostiral honetan lehertuko da festa Lizarran. Marilys Echeverría Arróniz eta Juan Carlos López Oscoz aukeratu zituzten suziria botatzeko, hiriko osasun sistema publikoko langileen ordezkari gisa. Koldo Leoz Garciandia, Lizarrako alkatea izan dugu gonbidatu Guardasola saioan.
Urte bereziki korapilatsuak izan dira arlo politikoan Lizarran. Aldaketaren gobernua erori zen 2019an baina bloke aurrerakoiak gaitzespen mozioa aurkeztu zuen gero berriro EH Bilduko hautagaia alkate izendatzeko. Kolektiboekin lanean osatutako egitaraua aurkeztu du Lizarrak. Arlo sozialean gogorra izan da urtea eta horregatik honako mezua bidali du Koldo Leoz alkateak:
Idazki hau “azkenean iritsi dira!” oihuarekin has nezakeen, baina ez dut eginen. Estella-Lizarrako festak itzultzeko gogo bizia genuen, egia da, baina ezin diot utzi bi urte hauetan jasan dugun guztiari buruz pentsatzeari, utzi gaituzten pertsona maiteei buruz, mugara jarri gaituen egoerari aurre egiteko gizarte gisa egin ditugun ahaleginei buruz… Ezin dut hori guztia alde batera utzi, ez litzateke bidezkoa iristen zaigun gozamenean soilik arreta jartzea, gogoratu behar da. Erraldoien Ostiralean eztanda eginen dugunean eta gure lagun, bikote edo senideak besarkatuko ditugunean, pertsona askok gogoratuko ditugu, inoiz gehiago besarkatuko ez ditugunak ere. Gure kaleetako edozein bazterretan eta gurutzatzen garen edozein pertsona ezagunekin brindis zoriontsu egiten dugunean, bizi izandako bakardadea ere gogoratuko dugu. Ez da txarra gogoratzea; aitzitik, gogoratzea ona da gure bestetan bizi ahal izanen dugun une on bakoitza aintzat hartzen jakiteko, urte hauetan gutxien ikusi ditugun pertsonekin berriro ikusteko, gure komunitatea kohesionatzen edo gure hurbileko pertsonekiko loturak indartzen lagunduko duten harreman berriak sortzeko. Hurrengo jai hauek oso bereziak izanen dira, eta une txiki eta handiez beteta egonen dira, gure oroitzapenean betiko geratuko direnak. Horiek guztiak alaitasunez eta errespeturik handienaz bizi ditzagun.
Osasuna!
Ohi bezala asteburua pasata kontzertu erakargarriak prestatu dituzte herria sustatzeko. Aurten asteartean el drogas izanen da eta asteazkenean Lagrimas de Sangre taldea.