Greba mugagabean dira haur eskoletako langileak maiatzaren 2tik, eta Hezkuntza departamentuak atzo egin zien gonbidapen ofiziala, negoziatzen hasteko. Maiatzaren 18an, datorren asteazkenean izanen dute bilera. Gonbidapena onartu du plataformak, baina bilkura deitzeko era kritikatu dute. "Ez zaigu serioa iruditzen, prentsaren bitartez jaso genuen informazioa eta une horretan iritsi zizaigun gonbidapena", azaldu du Eider Garde bozeramaileak. Hamabi greba egunetan hori izan da gobernuarekin izan duten lehenengo harremana.
Bilerara gonbidatu gisa joanen dira langileak, ez baitute parte hartze aktiborik izateko aukerarik federazioaren eta gobernuaren arteko batzordean. Hori ez da eskatzen ari direna; beraz, momentuz, greba mantenduko dutela erabaki dute.
0-3 zikliko batzordea "paktu politiko baten ondorio" den organoa dela iritzi diote langileek, eta uste dute batzordeak ez duela gaitasunik izanen haien aldarrikapenei erantzuteko. "Dena den, beti erakutsi dugu hitz egiteko nahia eta horretara joanen gara", zehaztu du Gardek. Gaur langile batzarra eginen dute arratsaldean, Berriozarko musika eskolan.