Marokoren aldeko jarrera hartu du Espainiako Gobernuak Saharar herriaren kontra, eta Nafarroan ere izan dugu eraginik iritzi aldaketak horrek. Orain arte Nafarroako Parlamentuak erakutsitako aho batezko elkartasuna apurtu zuen atzo PSNk, bi adierazpen instituzional onartzea ekidinez. “Izugarrizko norabide aldaketa” dela uste du Unai Uhalde parlamentuko buruak. Izan ere, alderdiak irizpidea aldatu ostean, Carlos Mena PSNko parlamentariak Saharako auziari babesa ematen dion talde parlamentarioaren koordinazioa utziko du.
Lan erreforma aurrera ateratzeko Madrildik agindu zitzaien eta UPNrekin sinatutako akordioaren ondotik, iritsi da sozialisten iritzi aldaketa; eta Uhaldek kezka agertu du horrekin. Gertatutakoak gobernukideen arteko eta gainerako alderdien arteko harremanak kolokan jarri dituela ziurtatu du.
PSN-UPN “iraganeko eskemak” gainditzeko beharra azpimarratu du Uhaldek. 2015ean abiatutako gobernu moldearen aldeko apustua berretsi zuen atzo EAJk Euzkadi Buru batzarrak egindako bileran. Geroa Bai koalizioa da hori mantentzeko bidea, haren iritziz. Baina sozialistei ausardia eskatu die aurrera begira adostasunean lanean jarraitu ahal izateko. Autogobernuaren eta euskararen defentsa egiteko eskatu die.
Iruñean egin du EAJak azken bilera, eta Napar Buru Batzarreko presidenteak iragarri du Aberri eguna kalean ospatuko dutela. Bilboko Plaza Barrian eginen dute, apirilaren 17an.