Mikel Asiain (Geroa Bai): “Lan erreformaren negoziazioan hitzarmenaz hitz egin zutela susmatzen genuen, eta denborak arrazoia eman digu”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 17a, 10:08

Elma Saiz kontseilariak berretsi egin dio Geroa Bairi erabakia: Navarra Sumaren botoekin onartuko dute Hitzarmen ekonomikoaren erreforma. PSNren gobernukidea abstenituko da, inputazio-indizeari buruz proposatutako aldaketak gehitu ez dituelako.

Hitzarmen Ekonomikoaren legearen moldaketaz adostasuna bilatzeko azken saiakera egin zuten atzo Nafarroako Gobernuak eta Geroa Bai gobernu kideak. Egozpen-indizearen gainean proposatutako aldaketak kentzeko eskatu dio ogasun kontseilariari Geroa Baik. Navarra Sumakoen babesa ziurtatuta, exekutiboak ez du ezer aldatuko.

Bost minutuko bilera izan zen.

Ez zuen zentzurik gehiago luzatzea. Argi zegoelako hasieratik ez zutela koma bat ere aldatuko, beraz, ez zuen merezi egotea egoteagatik. Guk planteatu genuen hasiera batetik esandakoa, eta Ogasun kontseilaria ez zegoen prest ezer aldatzeko.

Dagoeneko ezaguna zena berretsi dizue, beraz, kontseilariak: Navarra Sumarekin onartuko dutela legearen moldaketa?

Bai. Joan den astetik argi zegoen, eta agian lehenagotik . Hori izan zen asmoa abenduan, baina osoko bilkura horretan gaizki atera ateratzen zitzaien. Pentsatuko zuten Navarra Sumatik babesa emango ziotela legeari, baina ez zen horrela izan. Agian, Navarra Sumatik entzun zutelako gure jarrerak, bai gurea, baita EH Bildukoena. Osoko bilkura horretan ez zen onartu, eta erabaki zuten ateratzea. Baina momentu horretatik bagenuen susmoa, haiekin negoziatuko zutela eta adostuko zutela, eta horrela izan da. Lan erreformaren inguruko negoziazioaren atzean halako zerbait zegoela uste genuen, eta denborak arrazoia eman digu.

Hiru hilabetez luzatu da gaia, eta atzerapen hori kritikatu duzue.

Ez zien merezi, garbi baldin bazuen. Gainera, hain garrantzitsua den lege batekin, zertarako luzatu halako antzezpen bat egiten? Beste puntu batzuk oso garrantzitsuak dira Nafarroarentzat. Ados geunden horiekin, eta horrela esan genien hasieratik, eta horrela berresten dugu orain ere. Baina zoritxarrez ez da aldatu guk eskatzen genuen puntua.

Osoko bilkurara iristen denean, beraz, kontra bozkatuko duzue?

Abstentziora joko dugu. Puntu oso onak ditu Nafarroarentzat, eta ados gaude horiekin. %99 luze batekin ados gaude, baina guretzat indizearena funtsezkoa da. Aldatu ez denez, ezin du alde bozkatu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!