Alor politikoan, Eusko Alkartasunako barne krisiak ez du etenik. Zuzendaritzak lau urterako eten die militantzia alderdia zuzentzeko hautagaitza aurkeztu zuen Maiorga Ramirezi eta Nafarroako eta Iruñeko koordinatzaile ohi Miren Aranoari eta Esther Korresi. Iruñerriko batzarrak aho batez erabaki du Korres izatea koordinatzailea.
Nola hartu duzu Iruñerriko batzarraren babesa?
Poz handiz hartu dut babesa. Afiliatuen erabakia ohorea da niretzat, zilegitasun demokratikoa aldarrikatzen dute. Horren alde jarraituko dugu lanean. Afiliatu bat, boto bat. Horrek laburbiltzen du prozesu demokratiko eta gardena.
"Prozesu demokratiko baten bidez kanporaketak baztertu dituzte eta karguan berretsi naute. Ni militantziaren esanetara nago"
EAko zuzendaritzak zure militantzia eten du eta diote ezin duzula kargurik eduki. Egoera honetan, alderdiaren barruan edo kanpoan zaude?
Erantzuna galdera egiten diozun pertsonaren araberakoa izango da. Zuzendaritzari galdetzen badiozu, kanpoan gaudela esango dizute. Iruñerriko afiliatuei galdetzen badiezu, aldiz, barruan nagoela eta barruan gaudela esango dizute. Zergatik? Prozesu demokratiko baten bidez kanporaketak baztertu dituztelako eta karguan berretsi egin nautelako. Ni militantziaren esanetara nago.
Beraz, militanteen babesik ez duen bat ezarriko dute koordinatzaile gisa?
Hala uste dut. Horrela egin dute Miren Aranoaren kasuan. Inork ezagutzen ez zuen pertsona bat inposatu dute eta nire kasuan ere hala egingo dutela pentsatzen dut, afiliazioaren borondatearen gainetik. Azken finean Eva Blancok ez du alderdikideen alderdi bat nahi.
Hamabost eguneko epean primarioak deitzera behartu dute auzitegiek EAko zuzendaritza. Nola dago egoera?
Auzitegiak emandako ebazpenaren arabera, helegitea aurkezteko eskubidea badute eta hala egin dutela uste dugu. Hori zilegi da, guztiz zilegi da, noski, baina helegitea aurkeztuta ere argi esaten dute derrigortuta daudela primarioak deitu eta egitera. Eta hori ez da gertatu, auzitegiak emandako ebazpena ezeztatu egiten dute. Hau da, Eusko Legebiltzarreko mahiaburu ordeak, hau da, Eva Blancok ebazpen judizial bat ezeztatu du.
"Ez dituzte primarioak deitu. Eva Blancok ebazpen judizial bat ezeztatu du"
Eta zer espero duzue prozesu horretatik?
Alderdia barne demokraziaren bidera bueltatzea espero dugu eta beste ekarpen politiko, sozial, demokrata eta abertzalea berreraikitzea. Hori da gure helburua.
Nola konpondu beharko litzateke auzia?
Konponbide erraza du. Alkartetxeetan hautestontziak jartzen baldin badituzte, afiliatu bakoitzak bozka baldin badu, soluzio erraza izango genuke. Hau da, azken finean, afiliatu bat, bozka bat. Alderdia afiliatuen alderdia da, eta beraiek dira erabaki behar dutenak. Prozesu guzti demokratiko eta gardenena antolatu behar da.