Ukrainako gerraren suspertzeak eragin zuzena izan du garraiolarien egunerokoan. Erregaien prezioak nabarmen egin du gora, eta sektoreak laguntzak behar dituela adierazi dute. Altsasun batzarra egin zuen larunbatean Hiru sindikatuak, Garraiolarien defentsarako plataformaren deialdiarekin bat egin edo ez erabakitzeko. Gehiengoz babestu dute lanuztea, jasangaitza zaielako gehienei egoera.
Joxemai Osa da gaur kamioia piztu ez duen garraiolarietako bat: “Kamioia martxan jartzea erabat ez-errentagarria da. Arriskuak hartzen dituzu, eta ezer ez irabazteko. Galera bakarrik dago. Dena igo da, eta gasolioren prezioa ez dakigu non geratuko den. Orain dela 2 urte mila eurorekin depositua betetzen genuen, eta orain 2000 behar dituzu. Erabat jokoz kanpo gaude”.
Garraiolari batzuek adierazi zuten dagoeneko lortu dituztela gasolioaren prezioa konpentsatzeko igoerak eta ez direla geldituko. Askok, ordea, ez dute kamioia hartzeko asmorik, egungo baldintzetan huskeria irabaziko dutelako eta sindikatuaren laguntzarekin, tarifaren igoera eskatzen jarraituko dute.
Bihartik aurrera kalera aterako dira. Iruñean, Kamioien manifestazioa egingo dute Galarretik Nafarroako Gobernuaren egoitzaraino. Goizeko 9:00etan irtengo dira Bideko Aterpek Galarren dituen instalazioetatik.