Herritarren hizkuntza eskubideak baldintzatzen ditu Nafarroako Gobernuak onartzear duen euskararen dekretuak. Urtarrilean aurkeztu zien zirriborroa sindikatuei gobernuak. Eremu ez-euskaldunean euskara ez da meritu gisa kontuan hartuko. Eremu mistoan, berriz, lanpostu batzuetan soilik hartuko da aintzat euskara. Une honetan, sindikatuen ekarpenak aztertzen ari da exekutiboa. UGT eta CCOO sindikatuenak hartuko ditu kontuan, zabaldu dutenez.
“Atzerapauso onartezina” eraginen du dekretuak, ohartarazi duzuenez. Eremu ez-euskaldunean, baina ez hor bakarrik.
Eremu mistoan eta atzerapausoak egongo dira, bai eta eremu ez-euskaldunean ere. Are gehiago, bere garaian Auzitegiak balekotzat eman zituen neurri batzuk, orain Nafarroako Gobernuak aldatu ditu. Benetan uste dugu dekretu honek bere bidea hartzen badu, euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketak betikotuko direla.
Horrek herritarren egunerokoan ondorioak eraginen lituzke.
Bai, eta kanpaina honen bidez hori gizarteratu nahiko genuke. Beti geratzen gara kanpokoarekin, zein puntuazio izanen duen ezagutzak, esaterako. Baina ez gara ohartzen honek guztiak herritarrengan duela eragina, honek guztiak Nafarroako milaka herritar gutxietsiko dituela, honek guztiak herritarren arteko ezberdinkeria sortuko duela. Horregatik pentsatu genuen egokia zela herritarrei azaltzea kopuruez aparte, zein izango den benetan dekretu honek Nafarroan izango duen eragin kaltegarria.
Eta nola eginen duzue hori?
Lehenik eta behin, sentsibilizazio kanpaina bat egingo du. Saiatuko gara azaltzen honek nola eragingo lukeen eguneroko bizitzan. Baina gero herritarrak erdigunera ekarriko ditugu. Alegia, Nafarroa osoko herritarrek eskaerak egingo dizkiote Gobernuari beraien eskubideak jokoan daudela ikustarazteko. Esan bezala, oso garrantzitsua da honetan guztian herritarrak erdigunera ekartzea, Nafarroa luze-zabalean. Gure bazkideen bidez herritarrak aktibatuko ditugu, gobernuari esan diezaioten dekretu honek haien eskubideen urraketak betikotuko dituela. Horrekin batera badaukagu asmoa eragileekin ere egoteko, bihur daitezen subjektu aktibo bidegabekeria honen aurrean. Nola ez, dekretuari ekarpen zehatzak egingo dizkiegu, eta oraindik ez daukagu erabat itxita, baina aurreikusten ari gara mobilizazio handi bat egitea.
Momentuz, dekretua zirriborro bat da. Uste duzue badagoela aukera aldatzeko?
Borondatea balego, bai. Hain zuzen ere, CCOOek eta UGTk beraien ekarpenak egin zituztenean gobernuak adierazi zuen, ELAren eta LABen elkarterekin ez bezala, kontuan hartuko zituela. Horrek zer esan nahi du? Dekretua oraindik itxita ez dagoela. Horregatik gu zuzentzen gatzaizkie alderdi guztiei, gobernuan daudenei, gobernua sostengatzen dutenei, guztiei, beraiek ere presio egin dezaten, benetan oso larria litzatekelako eskubideen herritarren eskubideak horrela baliogabetzea. Baina euskararen berreskurapenari dagokionez, are larriagoa litzateke honezkero irudikatzea Nafarroan alemanak euskarak baino pisu handiagoa duela.