LAB, ELA, CCOO, Afapna, eta UGT sindikatuek osatzen dute Nafarroako funtzio publikoko mahai orokorra , eta denek aurkeztu dituzte alegazioak. Ez norabide berean. LAB eta ELA sindikatuek gogor egin dute dekretuaren aurka, hizkuntza eskubideak urratzen dituelako zonifikazioan oinarrituta izanik.
UGTek eta CCOO sindikatuek uste dute “segurtasun juridikoa” eskainiko duela; hala ere, murriztaileagoa nahi dute testua. Eremu euskaldunean euskararen balorazioa gutxitzeko eskatu du, besteak beste, UGTk. Azkenik, AFAPNA zirriborroaren aurka azaldu da, Nafarroako Kontseiluaren ebazpenaren zain.
UGT eta Afapna sindikatuak izan ziren eremu ez-euskaldunean eta mistoan euskara baloratzeko aukera ematen zuen 2017ko dekretuaren aurka helegitea jarri zutenak.
Isabel Artieda (LAB): "Euskara baloratzen badute, gainerako hizkuntzak ere baloratzeko eskatu dute UGTk eta CCOOk. Gobernuak baietz esan die"
LAB sindikatuko Funtzio Publikoko arduradun Isabel Artiedarekin mintzatu da Euskalerria Irratia, Metropoli Foraleko albistegian. Funtzio publikoaren mahaitik proiektua ateratzea eskatu zuen sindikatuak, Espainiako Konstituzioaren eta Euskararen Legearen aurkakoa dela iritzita. Eskakizunak ez ditu aintzat hartuko gobernuak. Gobernua UGT eta CCOO sindikatuekin lerrokatu dela uste du Artiedak. Entzun hari egindako elakrrizketa.
Izai Bujanda (ELA): "Arriskua da PSNk konsensuaren dekretu gisa saldu dezakela dekretua. Hori gertatzen da ultrak ditugulako mahai orokorrean"
Iritzi berekoa da ELA sindikatua, "harriduraz" hartu dute sindikatuek alegatutakoa. Foruzaingoan, lekualdatze lehiaketetan eta Osasunbidean euskarari gehiegizko balorazioa ematen zaiola iritzi diote. Eskuinak gaiarekin hartu duen jarrera ikusita, ELAk kezka agertu du. ELAk alegatu du "erabaki politikoak" jaso dituztela dekretuan. ELAko zerbitzu publikoen arduradun Izai Bujandarekin hitz egin du Euskalerria Irratiak.
Sindikatu guztien alegazioei erantzun zien atzo gobernuak, eta UGT eta CCOO sindikatuen alde agertu zen. Zuzenketak eginen ditu horiekin gobernuak, eta hurrengo bilera batean bozkatuko dute sindikatuek testua. Sindikatuek mahaian bozkatuko dutena, dena den, ez da loteslea. Gehiengoz onartu edo ez aurrera eginen du tramitazioan, gobernuak onartutako sindikatuen alegazioekin.