Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen foru dekretuaren zirriborroan jaso dutenez, euskara ez da meritu izanen eremu-ez euskaldunean eta mistoan, lanpostu batzuetan soilik. Atzeraeraginik ez du izanen dekretuak. Beraz, deitu dituzten oposizioetan eremu mistoan ez da euskara baloratuko.
Hiru dekretu aldatu nahi ditu Nafarroako Gobernuak hori ezartzeko. Batetik, egun indarrean dagoen 215/1985 foru dekretuko 9. eta 15. artikuluak moldatu ditu eta bigarren xedapen gehigarri bat gehitu du. Horietan zehazten da zenbat punturekin baloratu daitekeen euskara legearen araberako zonifikazioa jarraituz eta zein lanpostuetarako, administrazioaren sarbidean.
Eremu mistoan administrazioko kazetari, prestakuntza eta enpleguko erdi-mailako tituludun, gizarte-langile, gizarte-hezitzaile, lan-harremanetako diplomadun, liburutegiko arduradun, jarduera turistikoetako ofizial, foruzain, suhiltzaile, basozain, administrari, aretoko buru, operadore ofizial eta operatu laguntzaile, telefonista, errepideetako zaintzaile eta atezain lanpostuetan baino ez da kontuan hartuko euskararen ezagutza, "dagokien herritarrekiko arreta- edo tratu-mailaren arabera".
Eremu mistoan lekualdaketetarako lehiaketetan, 2,76 puntu arteko balioa izanen du euskarak eta unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak betetzeko lehiaketetan 6,9 artekoa. Eremu euskaldunean, 4,6 eta 11,5.
Lehiaketa guztietan eta lurralde osoan, berriz, izanen dute balioa frantsesak, ingelesak, alemanak eta Europar Batasuneko hizkuntza ofizialek. Lanpostuarekin zerikusia dutenean eginen dela zehazten du testuak, baina euskarekin ez bezala ez du mugarik jartzen. Euskarak eremu ez-euskaldunean punturik emanen ez duen bitartean, beraz, 5 puntura arte sarituko da hizkuntza bakoitzaren ezagutza.
Foruzaingoko lanpostuak eskuratzea arautzen duen 57/2002 dekretuaren 19. artikulua moldatu du, halaber, gobernuak. Horren arabera, honako puntuazioa izanen du gehienez euskarak: eremu euskaldunean 11,10 puntu, eremu mistoan 6,66. Frantsesak, ingelesak edo alemanak 6 puntuko balioa izanen dute gehienez, "lanpostuarekin harremana dutenean".
Osasunbideako lanpostuen sarbiderako 347/1993 foru dekretua ere aldatu nahi dute. 6. artikuluak aurrerantzean jasoko du eremu euskaldunean gainerako merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioaren %10 izanen direla euskaraz, eta eremu mistoan, %6.
Lau-sei hilabeetetan onartu nahi dute
Nafarroako Gobernuak bilera egin zuen ostiralean Funtzio Publikoko Mahaiko sindikatuekin. Ondoren, hamabost egun izanen dituzte helegiteak aurkezteko. Horiek kontuan hartuko dituela esan du gobernuak. Tramitea bukatutakoan, gobernuak Nafarroako Kontseilura helaraziko dio dekretua, eta honen txostena edukita, gobernu saioan onartuko dute. "Lau edo sei hilabete barru", Javier Remirez funtzio publikoko kontseilariaren ustez.