MARTXOAK 8

Amaia Zubieta (Mugimendu Feminista): “Errotik erre eta aldatu behar dugu sistema”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 8a, 10:12

Nafarroako mugimendu feministak manifestazio nagusi bat eginen du arratsaldean Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean. Iruñerriko deialdi nagusiak bildu ditu Euskalerria Irratiak.

Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra leloa hartuko dute Nafarroako mugimendu feministak antolatutako mobilizazioek. Dena erre nahi dute: “Errotik aldatu nahi dugu sistema hau. Gauza asko aldatu behar dira, sistema patriarkala, arrazista, kapitalista eta kapazitista delako”, azaldu du Amaia Zubieta Iruñerriko mugimenduko kideak.

Emakumeentzako bereziki, sistema kriminala eta jasanezina dela diote: “Pandemiaren hasieran, isolamenduan, zaintzaren lan zama izan dute emakumeek. Horrela, agerian gelditu da sistemaren ahuldadea”. Zaintza sistema jarri du adibide: “Dena emakumeen eskuetan utzi dute, eta erdigunean jarri nahi dugun aldarrikapen bat da hori. Beharrezkoa da zaintza sistema integral, doakoa eta publikoa”.

Borroka hori feminismotik egin nahi du mugimendu feministak. “Guk geuk antolatu behar dugu horrela. Denak batera aritu behar gara, inoiz ez digute ezer oparitu eta ez digute oparituko. Lorpen guztiak borrokaren bidez lortu ditugu”.

20:00etan, manifestazioa

Plazak, kaleak eta txoko guztiak feminismoz betetzeko beharra azpimarratu dute. 20:00etan izanen da manifestazio nagusia, Antoniuttitik, eta Iruñerriko auzo eta herrietatik zutabeak antolatu dituzte bertaratzeko.

Arrotxapetik 19:15ean aterako dira, Carbonillatik. Burlatako Feministak taldeak ere ordu berdinean jarri du hitzordua. Askas plazatik irtengo dira, eta Seminarioan Mendillorriko zutabearekin elkartuko dira. Donibanen, aldiz, lehenago bilduko dira. 18:00etan txirrindula martxa eginen dute, Asuntzio plazatik. Ordu bat beranduago elkarretaratzea eginen dute, Azuelo monastegiko plazan. Txantreako erloju laranjan ordu berean eginen dute elkarretaratzea, eta bertatik irtengo da zutabea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan goizean goizetik izan dira jarduerak. Garbitzaile emakumeekin gosaria hartu dute, 8:00etan; ondoren pankarta eta meme feministak sortuko dituzte, Aularioaren atarian. Eguerdian, mahai ingurua antolatu dute unibertsitate komunitateko emakumeek pandemia osteko egoera azter dezaten. 13:45ean, berriz, elkarretaratzea eginen dute, liburutegi plazan.

Desgaitasunen bat duten pertsonen erakundeen Nafarroako CERMIN batzordeak 11:30ean elkarretaratzea antolatu du, bihar, Gazteluko Plazan.

Zaintza, erdigunean

Euskal sindikatuek zaintza lanean jarriko dute foku nagusia. Bultza zaintzaileen lan baldintzei lelopean elkarretaratzea eginen du LAB sindikatuak, PSN alderdiaren egoitzaren aurrean, “zaintzen negozioari ez” esateko. ELA sindikatuak, aldiz, ekitaldi nazionala eta manifestazioa eginen du Donstian, martxoaren 8an.

Berdintasun faltsuaren aurka, Itaia

Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean eginen du, berriz, protesta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Udaletxe Plazatik irtengo dira manifestariak, 19:00etan, “alderdiek haien aurpegia zuritzeko erabiltzen duten berdintasun faltsuari aurre egiteko”. Aurreko egunetan mobilizatzeko arrazoiak azaltzeko hitzaldia eta Emakume langilon eskola antolatu dituzte, Iruñean.

Kateak askatzeko beharra azpimarratuko du Ikasle Abertzaleak

Ikastetxeetan eginen du protesta, berriz, Iruñerriko Ikasle Abertzaleak. Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu lelopean izanen dira. Iturraman eginen dute 10:45ean; 11:00etan, Biurdadan, Eunaten eta Alaitzen; eta 11:15ean, Otxoan eta Askatasunan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!