NEKAZARIEN GREBA

Patxiku Irisarri (EHNE): “Landa eremua politika egiteko erabili dute, gure irudia kaltetuz”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 3a, 09:38

Historian lehenengo aldiz, UAGN, EHNE eta UCAN nekazaritza elkarteak elkarrekin aterako dira kalera, sektorearen egoera salatzeko.  "Landa eremuaren alde elkarrekin" lelopean manifestazioa eginen dute, 11:30ean, Iruñean. EHNE sindikatuko idazkari nagusi Patxiku Irisarrirekin mintzatuko gara.

Manifestazio historikoa izanen dela iragarri dute Nafarroako nekazarien ordezkariek. Traktoreak ekarriko dituzte hirira, ikusgarri egiteko dituzten aldarrikapenak. “Animaliak ere ekarri nahi genituen, baina ez digute utzi. Hala ere, zarata aterako dugu”, azaldu du Euskalerria Irratian Patxi Irisarri EHNEko idazkari nagusiak. 

Salatu dutenez, egungo ekoizpen prezio altuek eta landa eremuko produktuen salneurri baxuek ezinezkoa egiten dute ustiategien biziraupena. “Hori ere eskatzen genuen duela 30 urte, baina kontua da orain esku tartean badugula erreminta bat argi izpi bat ikustea ekarri dezakeena. Elikadura katearen legea”, azaldu du Irisarrik. Legea urratzen ari direla salatu dute, ordea. 

Egoera muturrekoa da, eta etorkizunera begirako aurreikuspenak ez dira onak. Ukrainako gerraren eragina sumatzen hasi dira: “Aste honetan ere igo da pentsuaren prezioa, eta arrazoia da gerra hori. Guri ukitzen baldin badigu, horrek ekarriko ditu berriz ere inflazioak gora egitea. Kontsumitzaileek ere erosketak egitean ere bada hori nabarituko dute”. 

Landa eremua interes alderdikoiekin erabili dela uste dute sindikatuetako kideek. “Azken hilabete hauetan ikusi dugu nola erabili den lehendabiziko sektorea, kanpaina politikoak egiteko”, gogoratu du Irisarrik. “Azkenean polemika antzu batzuk ere sortu egin dira eta gure irudia kaltetua atera da”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!