Itxaso Torregrosa: “Bidegabekeria bat da, Izadiren beharrak ez dituzte kontuan hartu”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ots. 15a, 12:06

Iñigo Gutierrez presoak espetxera itzuli beharko du, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota ondoren hari emandako hirugarren gradua. “Kondenaren azken txanpan”, erabakia “ulergaitza” dela salatu du Izadi gurasoekin etxera plataformak. 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta uztailean beteko du osorik hamalau urteko espetxealdia.

Izadi Lizarraga Gutierrez espetxean jaio zen, eta geroztik Maria Lizarraga burlatar amarekin eta Iñigo Gutierrez aitarekin egon da Aranjuezeko kartzelan (Madril). 2021ko urte amaieran, Arabako Zaballa espetxera lekualdatu zituzten, eta Gutierrez hirugarren gradura aldatu zuten, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren erabakiz. Izadi alaba zaintzeko ardura hartu beharra argudiatu zuen idazkaritzak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki horren aurka egin du. Atzera bota du hari emandako hirugarren gradua, eta espetxera itzuli beharko du. “Oraindik ez daki noiz. Gauetan lo egitera itzultzen da Zaballara, eta esan diote ez dakitela noiz sartu beharko duen”, azaldu du Euskalerria Irratian Itxaso Torregrosa plataformako kideak. Gutierrez Izadiren tutorea da egun, baina kartzelaratzen dutenen ezinen dio ardurari eutsi. Izadik urtarrilaren 23an bete zituen hiru urte, eta amarengandik banandu zuten. “Oraindik ez diote ezer esan. Nola azaldu hiru urteko ume bati ama utzi ondoren, bost hilabetez aitarik gabe egonen dela?”, galdegin du Torregrosak.

ETAren biktimei barkamena modu “argi eta gardenean” eskatu ez duelako hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Legedian azaltzen ez den baldintza bat da hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!