Eusko Alkartasunako Zuzendaritza Nazionalak militantzia lau urtez etengo die Maiorga Ramirezi eta alderdiko beste lau kideri, alderdiaren eskubide, betebehar eta diziplina araudiko hainbat artikulu urratu dituztela argudiatuz.
Ramirezek lehenik eta behin salatu du EAko zuzendaritza “hizkuntzaren erabilera maltzurra” egin duela erabakiaren berri ematerakoan; izan ere, “zigorra aho batez onartu dela esan dute, zuzendaritzako hiru kide kanporatuak izan direla aipatu gabe”.
Maiorgaren aburuz, EAko buru Eva Blanco “berriro akats berean erortzen ari da”. “Beste behin ere maniobra bat egin du arerioa kanporatzeko, sakoneko eztabaidari heldu gabe”, azaldu du. “Haiek uste dute EA EH Bildu barruan urtu behar duela, eta guk diogu EH Bilduren onerako Eak nortasun propioa eta indartsua eduki behar duela”.
Maiorgak gogora ekarri du epaitegien arrazoia eman diotela: “Oso larria da guk kode diziplinarioa urratu dugula esatea, epaitegiek esan dutenean arrazoia dugula, epaileek Eva Blancoren izendapena bertan behera utzi dutenean. Hori salatzeagatik gu kanporatzea kafkianoa da”.
Maiorgak erabakia zuzentzera deitu du Eva Blancoren zuzendaritza. Egiten ez badu, beste behin ere joko du epaitegietara. “Epaileek orduan arrazoia eman ziguten, eta orain ere emango digute; izan ere, gure eskubideak urratu dituzte. Ez digute defendatzeko aukera eman. Gure alegazioak ez dituzte irakurri. Klaudikazioaren eta errebelatzearen artean, errebelatzea aukeratuko dugu justizia arruntera joz, zuzenbidearen eta demokraziaren defentsan”.
Ramirez foru parlamentaria da. Bere karguarekin zer gertatuko den galdeturik, erantzun argia eman du: “Ez da inolako arazo instituzionalik izango. EH Bilduko parlamentariak EH Bilduko parlamentariak dira. EH Bilduk ez dit eskatu kargua uzteko, eta nire irudikoz ez dit eskatuko”.
EAko zuzendaritzak ezarri dion militantziaren etetea hilaren 21ean sartuko da indarrean. Alderdiaren kongresua 19an eta 20an da egitekoa. Gauzak horrela planteatzea “sarkasmo hutsa” dela esan du: “Afiliatu batek nola egin dezake gure alde baldin eta badaki biharamunean militantzia etengo digutela? Oso tristea da, tamalgarria, gu kanporatu nahi izatea sakoneko eztabaidari heldu gabe, eta afiliatuei erabakitzeko aukera eman gabe”.