Solanaren irudikoz, Txibitek argitu behar du zer adostu zuten UPNk eta PSOEk Nafarroara begira, gizartearen aurrean oro har, eta bereziki bere gobernu bazkideen aitzinean. Azaldu duenez, akordio programatikoan zehazturik dator Txibitek jarraipen batzordean parte hartu behar duela eta ez da betetzen ari. “Behin bakarrik etorri da, beti parte hartu behar duela sinatuta badugu ere. Eta banuen gogoa hau esateko. Eskatu diogu lema hartzeko, berriz jartzeko behar duen tokian, aurpegia emateko, baita gure aurrean, bere bazkideen aurrean ere”.
Bakartzo Ruiz: “PSNk badaki zer ondorio dakartzan halako akordioek”
Bakartxo Ruizek hain zuzen ere Esparzaren eta PSOEren arteko akordioez galdetuko dio Maria Txibite lehendakariari Nafarroako Parlamentuan, biharko kontrol saioan. “Istorio hau ezagutzen dugu eta badakigu zer nolako ondorioak ekar ditzakeen. PSNk seguru asko guk baino hobeto ezagutzen du, horrek iraganean ondorioak ekarri baitzizkion alderdi bezala Nafarroan. Erregimena berrosatzeko nahia eta Ferrazek dioenaren arabera Nafarroako egoera politikoa baldintzatzea kontu zaharra da gurean”.
Bestalde, Ruizen aburuz,, “alderdi sozialistak Madrilen aukera bat galdu du bestelako lan erreforma bat eta bestelako gehiengo bat lortzea. Dena dela, argazki honetan okerrago ateratzen dira Yolanda Diaz eta Podemosen esparru politikoa”.