2017ko euskararen dekretuaren zati bat baliogabetu zuen 2019an Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Ondorioz, azken urteetan eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskara ez da meritu gisa kontuan hartu administrazioan sartzeko. Egoera bideratzeko dekretua moldatukoz zuela agindu zuen gobernuak, baina azkenean 1985ko dekretua aldatuz “konponduko” du arazoa. Hala jakinarazi zieten Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuei ostiralean.
Bilera horretan izan zen Isabel Artieda LAB sindikatuko ordezkari gisa. Onartu nahi dutena atzera urrats handia dela uste du: “UPNk egin ez zuena PSNk eta Geroa Baik egin dute”.
Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautuko ditu onartuko duten dekretuak. Horrek lehiaketa-oposizio deialdietan izanen du eragina, eta ohartarazpen bat egin du Artiedak: deialdi gehienak oposizioak dira, eta horietan merezimenduak ez dira kontuan hartzen.
Sindikatuek hamabost egun dituzte testuari alegazioak aurkezteko. LABk bereak prestatuko ditu orain, nahiz eta uste duten horiek ez dituztela kontuan hartuko.