“Joan den asteko galdera parlamentario bati erantzunez esan zuen dekretua sindikatuei aste gutxi barru aurkeztuko dietela. Egia da azaroan ere espero genuela. Eta gu, eta Ana Ollo kontseilaria, horren zain gaude. Espero dut oso aste gutxiko kontua izatea”, azaldu du gure mikrofonoen aitzinean Arregik.
Berriki, Remirezek berak txio batean esan du gobernu honen hizkuntza politikaren oinarriak direla Foru Hobekuntza eta Euskararen Legea. Inposiziorik gabeko sustapena nahi duela. Eta aukera berdintasuna eta askatasun indibiduala izan behar direla nagusi. Arregik dio aurreiritzirik gabe ulertu nahi izan duela txio hori. “UEMAko ordezkariek atzo parlamentuan egindako agerraldian oso argi ikusi zen herritar euskaldunek zein nolako arazoak dituzten administrazioekin euskaraz jarduteko. Hori gaztelaniaz ez da gertatzen. Lanean ari gara herritar euskaldunen aukera berdintasuna lortzeko”.
Euskararekin, gora eta gora beti!
Euskarabideak haur txikiak dituzten familiei begirako kanpaina jarri du abian urtarrileko bigarren hamabostaldi honetan, euskararen ikaskuntza sustatzeko xedearekin. Leloa, Euskararekin, gora eta gora beti. “Euskara balio positiboekin eta dugun eleaniztasunarekin lotu nahi dugu, familiak euskara ikastearen balioa aintzat har dezaten”, azaldu du Arregik.
Joan den urtean egin zuten lehendabizikoz kanpaina lelo horrekin berarekin, eta horrekin lotuta jaialdia ere egin zuten. Gainera, hainbat udalerritan norabide horretan dinamikak jarri dituzte abian, “batzuetan herritarrekin eta beste batzuetan udalekin”.
Hain justu hori dela kausa, kanpainak ez du kartel bakarra. 29 egin dituzte, beste horrenbeste udalerritara egokiturik: Ablitas, Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Lodosa, Milagro, Monteagudo, Murchante, Olite-Erriberri, Azkoien, Ribaforada, San Adrián, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tutera, Valtierra eta Alesbes.